XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizko ote da Naparroako herrietan euskara?

Hizbide asko ematen ari da azken aldi huntan Naparroako euskal giroa.

Larritasun eta kezka biziaz mintzo dira asko ta asko.

Zer gertatzen da Naparroan?

Egosketa haundi bat nabari da gaurko egoeran.

Iruiñen, alde batetik berpizte sakon eta pozgarria dagoela edozeinek ikusten du.

Inoiz ez bezalako errekesta du gure hizkuntza zaharrak, haurren nola jende haundien artean.

Luzeegi gabe bere emaitza emango du jokabide hunek.

Hiri buruko jauntxoen utzikeriak sortu bazion giro txarra baserritarren artean, hiritarren euskaltzaletasunak itzul lezaioke herrietan galdutako atxikimendua.

Herri giroa

Baina, hori biharrera begira egotea da.

Bitartean atzerakada ez diogu moztu baztertuz dihoan lekuan, eta berandu gerta liteke.

Ezin duguna ahaztu hau da: ofizialtasunez sortu zen euskal giroa, ofizialtasunez hil daitekeela.

Haserako bultzada Diputazioaren bidez zetorkion: duela hogei bat urtez, gure herrietan euskara zakiten haurrak saritzeko erabakia hartu zuten gure agintariek.

Haurkeria, esango du norbaitek.

Gure artean egin den lanik garrantzitsuenetakoa, esango nuke nik.

Giro txarra zuen euskarak garai hartan, eta etsai askoren amorrua piztu bazuen ere, euskal konzientzia esnarazi zuen behintzat.

Diputacioaren izenean euskara eta euskara zakitena saritzeak traba asko baztertu zuen eta askori ahoa itxiarazi ere bai.

Beste maila batzutako joerak etorri ziren gero: ofizialtasunez sortu ziren Fontes Linguae Vasconum eta Cuadernos de Etnología, goi mailako aldizkariak.

Herri mailan, berriz, P. de V. euskal aldizkaria.

Ikastolen sorketa ugariak burutu zuen orduko Naparroako euskal esnatze jatorra.

Diputazioaren izenean bultzatzen ziren eta irekitzen ikastola berriak.

Ofizialtasuna emankor gertatu zen eta txalo beroenak merezi dituzte garai hartako agintari jatorrek.

Gora behera haundiak izan ditugu geroztik Naparroan.

Gizonak ere aldatuz joan dira, eta hor daude ondoreak.

Hor daude garai hartako ikastola asko, ez hil eta ez bizi; herrikoetaz mintzo naiz.

Haundituz joateko kemenik ez eta, berriak sortzeko gogoa falta.

Eskoletxe nazionaletatik etorriko omen zaio euskarari salbamena; hori ere entzuna diegu arduradunei.

Hor daude heuren hitzak gezurtatzen dituzten ondoreak.

Zer gertatzen da euskal ibarretako ikastetxe batuekin? Negargarri da sortu diguten giroa.

Ez bada azpilana laster mozten, hitz politekin.

Naparroako euskeraren heriotze geuk ikusiko dugu.

Jakintzaren izenean moztuko digute gure herri jakintza zaharra.

Haurrei euskaraz hitz egiten utzi ez, eta gurasoei etxean ere ez egiteko agintzen dieten biligarroak baditugu maisutan.

Itsu batek haurtxoen begiak nola argituko ditu?

Ofizialtasunetik sortutako eskoletxeak ditugu, eta ernatzen ez bagara ofizialtasunetik joango zaigu euskara pikutara.